Hondamendi ekologiko bat saihestu nahi dugun herritar eta elkarte talde bat gira(ELB, Lurzaindia, CADE, Nahi Dugun Herria). Marieniako lurren urbanizazioaren berri eman nahi dauzuegu. Uda huntaz geroztik Bouygues Immobilier enpresak salmenta konpromisu bat izenpetua du 3,77 hektareen erosteko 3 073 000 eurotan. Eraikitzeko baimen galdea egina izan da ehun bat bizitegiendako (49 bizitegi kolektibo eta 45 etxe).  

Eraikitze baimen galde horren kontra bi errekurtso pausatu dituzte Kanboko herriko etxean CADE- k eta Nahi Dugun Herria-k. Bi elkarteek «interpelazio gutunak» errezibitu dituzte, intimidatzeko helburuarekin idatziak izan direnak.  

Nahi Dugun Herria-k pausatu duen errekurtsoan agertzen den argumentu bat araudi urratzearena da (bastimenduak baimendua dena baino luzeagoak dira). Horren zuzentzeko Kanboko herriak bere Tokiko Hirigintza Planoa (THP-PLU) moldatu beharko du seguraski, araudia Bouygues enpresaren proiektuari egokitzeko. Ondorioz, herriak Euskal Hirigune Elkargoari THParen aldaketa prozedura abia dezan galdegin behar dako.  

Gure kolektiboak :

  • Euskal Hirigune Elkargoko hautetsieri THParen kontrako errekurtsoak bururaino eremanak izan aintzin ez dezaten aldaketa onar galdegiten diegu (exekutiboko hautetsieri azalpen gutun bat banatuko diegu)
  • auzitegi administratiboan pausatua izanen den eraikitze baimenaren kontrako errekurtsoa prestatzen du.

  Hiri inguruetako laborantxa kenka txarrean da. Artifizalizazioa gelditu etalaborantxa sustengatu behar dela uste dugu. Bizitegien beharra begibistakoa da, bereziki bizitegi sozialen beharra, bainan ikusiz zonbat etxe huts, bigarren etxe eta gune huts diren hirietan, ez ote da beste aterabiderik? Aterabide hauek jendartearen eta politikarien engaiamendu azkarragoa galdegiten dute

MARIENIAKO INGURUETAKO LURREN BABESTEAREN ARRAZOINAK:

  • Marieniako lurrak laborantxarako lur biziki onak dira eta behin artifizializatu ondoan betiko galduak izanen dira, hots ez dira gehiago hazkurri emaile izanen. Laborantxak enplegu ainitz sortzen ditu metatzen badira ekoizteari, transformatzeari eta saltzeari lotuak direnak. Laborantxa erakargarritasun iturri da paisaiak entretenituz.
  • Marieniako lurrak Kanboko herriko sartzean kokatuak dira eta hauen artifizializatzeak ondorio txarrak lituzke paisaian. Lur horietarik euskal herriko mendiak ikusgai dira, bista ederraz gozatzen ahal da herri sartze edo ateratzeari berezitasun bat emanez.
  • Kanbon 13 hektareen artifizializatzeak ondorioak izango lituzke ingurumena mailan : lurren irazgaizteak uraren isurketa errexten du infiltrazioaren kaltetan ; lurraren higadurak uholde irriskua emendatzen du (adibideak ez dira eskas) ekosistema desorekatzen du, lurpeko ur geruzak kutsatzen ditu, eremu hezeak suntsitzen ditu etab. Transizio ekologikoari begirako lurren artifizializazioen gelditzearen beharra azpimarratzen duten hainbat argumentu ezagutuak dira gauregun, maila gorenean ere.
  • Denek aipatzen dugun berotze klimatikoaren kontrako borrokaren kontra joango lizateke urbanizazio kasu hau.
Tags:

Ohar bat egin