Gure Istoria
jendeak bizi abentura bat
Lurzaindiak, amalurra ondasun komun bat bilakatzea du helburu, espekulaziotik babestua izan dadin, laborantza iraunkorrean ari diren laborarien atxikitzeko eta instalazioen laguntzeko.
Helburu horiek lortzeko, LURZAINDIA Euskal Herriko herritarren, enpresen eta kolektibitateen elkartasunean oinarritzen da.
Lurzaindiaren jarduna elkar osatzen duten hiru tresnatan oinarritzen da:
1970eko hamarkadaren bukaeran, euskal laborariak ohartzen dira ordezkaezina den ondare komun bat, amalurra, mehatxupean dela. Lurraren gaineko presioa handitzen ari dela ikusirik, herritarren mobilizazioan oinarritutako erantzun baten alde egiten dute: bakoitzari laborantza-lurrak zaintzen laguntzeko aukera ematea, herri aurrezki solidario baten bidez.
Izpiritu horretan sortzen dute GFAM LURRA (Elkarrekiko Laborantza Lur Taldea), lurrak erosi eta haien laborantza-erabilera epe luzera zaintzeko tresna kolektiboa. Ehunka herritarren engaiamenduari esker, GFAM LURRAk pixkanaka laborantza herrikoiari epe luzera eskainitako lur-ondare bat osatzen du.
1980an, GFAM LURRAk bere lehen erosketa egiten du Bithiriñan. Urteen joanean, herritarren mobilizazio horri esker, Euskal Herrian epe luzera zaindutako 257 hektareako laborantza-lur ondarea osatuko da.
2000ko hamarkadatik aitzina, erronkak aldatzen dira. Lurren artifizializazioa bizkortzen da, lurraren gaineko presioa handitzen da eta laborantza-lurrak eskuratzea gero eta zailago bilakatzen da. Testuinguru berri horretan, lurraren erosteko ahalmena bazterketa-faktore bilakatzen da, bereziki “kanpotik” instalatu nahi duten pertsonentzat. Tresna erronka berri horiei erantzuteko egokitzea ezinbesteko bilakatzen da.
2013an, dinamika horrek beste urrats bat egiten du. GFAM LURRA SCA LURZAINDIA (Akzio bidezko sozietate komanditarioa) bilakatzen da. Estatutu berri horri eta akzioetan inbertitutako herri aurrezki solidarioari esker, Lurzaindiak, laborantza-lurrez gain, bastimenduak ere erosten ahal ditu. Erositako ondasunak laborantza-errentan (fermage) proposatzen zaizkie laborantza herrikoian instalatzeko proiektu bat duten laborariei edo etxalde ttipiak dutenei, haien sendotzeko.
Geroztik, Lurzaindiak GFAM Lurraren asmoari segida ematen dio: amalurra epe luzera zaindu, etxaldeen transmisioa errextu, laborari belaunaldi berrien instalazioa bultzatu eta Euskal Herrian laborantza herrikoiaren garapenean parte hartu.
2016an sortua, elkarteak lurraldeko elkarrizketa eta ekintzak segurtatzen ditu, eta herritarrak, enpresak eta kolektibitateak laborantza-lurra babestu eta atxikitzeko erronkez sentsibilizatu eta mobilizatzen ditu. Ekonomia Sozial eta Solidarioa sustatzen du, eta bereziki finantza solidarioa, Amalurra zaintzeko.
2022an, Lurzaindiak bere garapenean beste urrats bat egiten du, bere emaitza-funtsa Lurzaindia Fundazioa bilakatuz; onura publikotzat onetsia den Terre de Liens Fundazioak aterpetzen du.
Lurzaindia Fundazioak amalurra zaintzearen alde jardun nahi duten guziei aukera ematen die epe luzera. Biltzen dituen baliabideek laborantza-lurren eskuragarritasuna errexten, laborantza herrikoian instalatzeko proiektuak laguntzen eta Euskal Herriko etxaldeak eta laborantza-lurrak zaintzen laguntzen dute.
Emaitzak, dohaintzak eta legatuak jasotzeko gai den Fundazioak enpresen mezenasgoa ere mobilizatzen ahal du eta kolektibitateekin partaidetzak garatzen ahal ditu.
Gure baloreak
Elkartasuna, bakoitzari amalurraren zaintzan parte hartzeko ahala emanez.
Lankidetza, herritarrak, laborariak, kolektibitateak eta partaideak proiektu komun baten inguruan bilduz.
Erantzukizuna, gaurko eta biharko belaunaldientzat laborantza-lurrak epe luzera zainduz.
Transmisioa, lurraren eskuragarritasuna eta laborari belaunaldien berritzea errextuz.
Interes orokorra, lurra laborantza herrikoiaren, tokiko ekonomiaren, elikaduraren eta Euskal Herriko paisaien zerbitzura ezarriz.
Sortze eta kudeatze amankomuna
lau erakundeen eskutik
ELB sindikatuak (Euskal Herriko Laborarien Batasuna), Confédération Paysanne sindikatuaren Euskal Herriko adarrak,
Laborantxako lurraren zaintzeko borrokatzen da, laborari ainitzendako lan tresna baita. Lurraren zaintzeko Lurzaindiak duen eginbeharrean, ELBko lur delegatuekin den lotura baitezpadakoa da.
EHLGk (Euskal Herriko Laborantza Ganbara), laborantzaren garapenaren aldeko elkarteak
Helburua du laborantxa herrikoi eta iraunkorra garatzea eta baserriko eta laborantxako ondarea zaintzea, tokiko garapen partekatu baten baitan ipar Euskal Herrian.
ARRAPITZ elkarteak
Baserriko garapen berri baten aldeko ARRAPITZ federazioak 17 laborantxako garapen elkarte biltzen ditu, oso anitzak, bateratu direnak koherentzia gehiagoren emaiteko beren proietueri bai eta beren gaitasunen partekatzeko.
Euskal Herriko INTER AMAPek
Partekatzearen ideian fermuki oinarriturik, Etxeko Laborantzaren Atxikitzeko Elkarteek (frantsesez, AMAP) laborantzaren eta elikadurarekin dugun harremanaren aldaketa sozial eta ekologikoa bilatzen dute, aldi berean elkartasun berriak sortuz. Gizarte zibiletik sortzen diren alternatiba konkretuak dira. Lurzaindiarekin, hemen bizi diren bizilagunen elikatzeko lurrak atxiki beharra defendatzen dute.
Gobernantza kolektiboa
ELB, EHLG, Arrapitz eta Inter AMAP-en ordezkari
ELBk, EHLGk, ARRAPITZek eta INTER AMAPek izendatu pertsonek osatzen dute ERNE, eta horrek Lurzaindia administratzen du.
Gure helburua da hurbileko herri-aurrezkiaren mobilizatzea, tokiko eta etxeko laborantza iraunkorra garatzearen alde inbertitzeko. Laborantza horrek enpleguak sortzen ditu eta, aldi berean, gure lurraldeko paisaiak babesten eta gure osasunarendako eta ingurumenarendako ona den kalitatezko eta hurbileko elikadura sortzen du.
Gure aktualitatea segi ezazu!
Berripapera eskuratu nahi dut
Zure helbide elktronikoa
Termes, conditions et Politique de confidentialité.
