Justiziak aukera ematen digu Marienia egitasmo gatazkatsuari, aterabide baten lortzeko, ez dezagun galtzerat utz !

2019an gure elkarteek Kanboko Tokiko Hirigintza Plana (THP) gaitzetsi zuten, Marieniako laborantxa lurrak eraikigarri bihurtzen baitzituen. Errekurtso hau dei auzira eramana izan zen. Espero dugu 2023 urte bukaerarako epaitua izanen dela.

Nahiz eta THPa auzitan izan, Bouygues Immobilier eta Office 64 de l’Habitat-k, kontestatuak ziren lur horien gainean eraikitzeko baimena pausatu zuten, eta Kanboko herriko etxeak baimena eman zien. CADEk eraikitzeko baimen hau ere atakatu zuen.

Maiatzaren 16an Paueko epaitegi administratiboan eraikitze baimenari buruzko audientzia iragan zen. Txostengile publikoaren arabera, epaiketak eraikitze baimenaren legez kontrakotasuna berretsiko du. Izan ere, Bouygues-ek eta Office 64-ek THParen arauak ez dituzte errespetatzen. Araudi honetan zehaztua da eraikuntza guziek gehienik 28 metroko luzera izan dezaketela norabide guzietan. Etxebizitza proiektuan aurkeztuak diren eraikuntzek 30 metroko diagonalak dituzte.

Bouygues-ek eta Office 64-ek bazekiten arriskua hartzen zutela. THPren araudiaren trabak altxatzeko, eztabaidagarriak agertzen diren bi ekimen bideratu zituzten. Eskerrak biak bertan behera gelditu ziren !

Lehena Kanboko herriko etxeak bideratu zuen. Euskal Elkargoari THPren araudia zehaztea galdegin zien, 28 metroko araua bakarrik aitzinaldeei aplika zedin galdatuz, ez diagonalei. THPa haien proiektuari egokitzea itxuragabekeria galanta zen, azpi jokoaz abisatu genuen Euskal Elkargoko batzorde eragileak ez zuen aldaketa bideratu. 
Bigarren saiakera jendetasun guttikoa zen. Bouygues-ek uxier bat igorri zuen CADEra, azalduz errekurtsoa mantentzen bazuen, haren kontrako prozedura bat abiaraziko zuela, eta 240.000€ko kalte ordainak eskatuko zizkiola. Mehatxu bera zuzendu zion Nahi Dugun Herriari, azken honek dena den ezin zuelarik eraikitzeko baimena atakatu, prozedura arrazoin batzuengatik. Gure lotsarazteko ahalegin hau debaldetakoa izan zen.

Audientzian entzun diren ondorioak berresten baditu auzitegiak, berri izigarri ona izanen da, baina ez da garaipena izanen, urratsa baizik. Bouygues-ek eta Office 64-ek ezin dute gaur egun marraztua duten proiektua aitzinera eraman baina, nahi izanez gero, legezkanpo den partea molda dezakete. Usaiako prozeduraren arabera, epaia eman ondoan, 4 hilabete izanen lituzkete baimen egokitu baten aurkezteko, haatik aldaketarik gabe, epe hori pasa eta baimena deuseztatua izanen litzateke.

Horiek horrela dei egiten diegu, hautetsiei eta proiektu honek errepresentatzen dituen erronkez ohartuak diren guziei, Bouygues eta Office 64 egitasmo honetaz atera daitezen ahaleginak egiteko, eta ez dezaten eraikitzen baimen egokiturik aurkez. Herritarren, laborarien, Kanboarren, gaitzespena eta kexa entzuteko garaiz gaude. Behin baino gehiagotan, argiki eta fermuki, adierazi dugu egitasmo horrek ez duela zilegitasunik. Balore handiko laborantxa lur hauen babesteko prestutasun osoa erakutsi eta erakutsiko dugu.

Aurreikusten dugun epaiketa honen emaitzari esker, aukera dugu proiektu horren gelditzeko, aukera ezin dugu galdu. Devèze Kanboko auzapez jaunarekin eta Euskal Elkargoko Etchegaray jaunarekin hitzordua galdeginak ditugu dagoeneko. 

Tags:

Ohar bat egin