Marienia, 2025eko maiatzaren 17a
ELB - Lurzaindia - Ostia
1972an, Larzac-eko goi ordokian, ehun eta hiru laborarik makilen zina deituriko agiria sinatu zuten.
Orduan, hitz eman zuten ez zutela beren etxaldea sekula utziko, edozein prezio proposaturik ere.
2018an, Bretainian, Notre-Dame-des-Landes-eko zelaietan, beste zin bat egin zen makilak lurrean
sartuz. Orduan hitz eman zuten, guneari eraso bat eginez gero, ZAD babestera itzuliko zirela.
Egun, laborantza herrikoiaren eta ingurumenaren aldeko bi borroka irabazle horien lekukoa hartzen
dugu. Gu ere ekintzetara pasako gara, gure makilak Marieneko pentzean landatuz, hau ere diru eta
betoi gosez mehatxatua baita. Zin egiten dugu lur hau betiko zainduko dugula, promotoreek sekula
hor obrak hasi nahi badituzte, eta landatuko dugula bere balio hazkurri emailea emendatzeko.
Makilek babesa eta lasaitasuna ematen digute. Hala behiak mugitzeko, nola ardiak bortura
igortzeko. Dela arazoak ditugularik, dela adina dugularik. Badira, gainera, erreferentzia makilak,
gure dunak mantentzen dituzten makilak, hitz partekatuko makilak, pastoralenak eta bidaian
joatekoak, engaiamenduaren makilak, jazartzeenak. Euskal Herrian, Makila gure kulturaren eta
indarraren ikurra da, ibiltarien lagun eta balizko arma, estimu objektua eta errespetu keinu gisa
eskainitako oparia.
Marienearen aldeko hainbat manifestaziotan ikus daitezken makila horiek irabaziko dugun bataila
baten bermeak izanen dira, hortaz segur eta fida gara. Dinamika bateratu horretatik sortzen den
indar kolektiboa, gure hautuen eta ahalmenen aniztasunean, faktore erabakigarria da horretara
heltzeko. Baina, ez da bakarra. Gaur egun multinazional bati bidea hesteko gai bagara, betoiaren
ordez barazkiak lantzeko gai bagara, bizitegi eskasari buru egiteko neurri egokien beharraz
ohartarazteko gai bagara, oroz gainetik, Marienia salbatzeko hamar urtez edo gehiagoz etengabe
mobilizatu diren bi elkarteren lanari esker da. Esker beroenak Nahi Dugun Herria Kanboko talde
abertzaleari eta CADE ingurumenaren aldeko elkarteen kolektiboari.
2024an, bi elkarte horiekin batera, Marieneko adierazpena sinatu genuen, artifizializazio proiektu
hau osoki gelditu arte mobilizatzera engaiatuz, taktika ezberdinak uztartuz, baita lekuan bertan ere.
Hogei erakunde sindikal, kultural, laborari, sozial baino gehiagok bat egiten zuten deialdiarekin.
Afera hori enblematiko bilakatu da, lurralde oso batekoa, AHT, E-CHO eta Baztango aroztegia
bezalaxe. Proiektu horietan guzietan eta beste ainitzetan ere, agerikoa da beren irabazien
emendatzeko, edozer suntsitzeko prest diren enpresa handien botere aseezin eta amaigabea. Eta
baita haien babes politikoen gose pertsonalak ere.
Orduan, guk elkartu behar dugu, beste norabide bat hartzeko. Lurra lanjerrean den tokian, gure
makilen kantua entzunarazi behar dugu. Bidea abiatu behar dugu, baturik ibiltzeko. Elkar lagundu
behar dugu, garaipen konkretuak ospatzeko. Asmo argiak izan behar ditugu, tema militanteak
herritarrentzat eta bizidunentzat onuragarriak diren lorpenak eragin ditzan. Ez zaitezte beha egon,
denek inplikatu behar dugu oldar horretan, tokian toki eta mundu zabalean.
Egun, Kanbon, beste urrats bat egiten dugu. Bihartik goiti, arta handia beharko du erein dugun
Marieneko lur horrek, hemen uzta onak bildu ahal izateko. Laborari talde bat ari da lanean, eta
haien desmartxarekin bat egitera akuilatzen zaituztegu. Landaketak artatzeko egunak antolatuko
dituzte uda honetan. Jin zaitezte esku ukaldi baten ematera, parte har ezazue ekimenaren sostengu
taldean.
Elkarrekin, Marienia irabaziko dugu. Elkarrekin, zinezko indar harremana eraikiko dugu lurra
berreskuratu, defendatu eta okupatzeko, eta saltzaileen suntsitzetik libratzeko. Lurra lantzen
dutenena da.
Irabazi arte!