OSTIA sareak, Kanboko Marieniaren lurretan iraganen den kanpaldi-okupazioaren ko- antolatzaileak, heldu den urriaren 21tik 23ra bertara masiboki etortzeko deia luzatzen du. Ordu batez edo asteburu osoa egonez, molde parte hartzailean, denek proiektu hori ez dugula nahi berriz erakutsi behar dugu.
Hamar urte dira Kanbon herritarrek eta laborariek, lurren artifizializazioaren saihesteko, eraikuntza proiektu horri aitzin egiten diotela. Oraindik goiti eta behin betiko, Bouygues enpresari eta ondoan dituen hautetsiei mezu hau argiki helaraziko diegu: Marienia ez dute eraikiko.
Afera ez da soilik juridikoa. Ez ditugu gehiago multinazional erraldoi batek ongizatearen izenean burutzen dituen desmasiak onartuko. Diruaren metatzearen logikak kalte gehiegi eragin ditu nonahi eta ingurugiroa betoiez ari da itotzen. Bitartean, etxe hutsen eta bigarren etxebizitzen kopurua ez da jautsi.
Kanpaldi-okupazio asteburu honen biharamunean, espero dugun erantzun bakarra hau da: ororen interesen alde, Bouygues-ek bere proiektua betirako bertan behera utz dezala. Hala ez izatekotan, ez gira kikilduko. Erresistentzia hozka batez igan beharko da, aniztasunean eta elkartasunean, helburua lortu arte.
Okupazioaren eta ekintza zuzenaren bidez, Marienian obrak lehen egunetik oztopatzea Ipar Euskal Herriko herritarrentzat lehentasuna bilakatu beharko da. Ez da soilik Kanboarren afera, etxebizitza eskubideaz, elkarbizitzaz eta munduaren geroaz axolatzen giren guziena baizik. Gaur Marienia gelditzeak biharko aurrekari inportantea pausatuko du, gure geroa guhaurek erabakiz eta axolagabetasunez ari diren enpresari eta politikariei ongi ulertarazteko: aplika dezatela serioski frantziar lehendakariaren gomendioa, oparotasunaren garaia bukatu da.
Ahalegin guziak eginen ditugu horretarako. Bota dezagun hordagoa eta segi dezagun espekulazioaren kontra eta lurraren alde antolatzen, herriz herri.
Euskal Herria ez da salgai!

Lurzaindiak ere mobilizatzea eskatu du!

Asteburuko hitzordu nagusiak :

Tags:

Ohar bat egin