Euskal Herria Zuzenean elkarteak (EHZ) irailaren 21ean egin Biltzar Nagusian erabaki zuen, aurtengo edizioko etekinetatik 15 000€ laborantza lurren defentsan lan egiten duen Lurzaindia elkarteari ematea. |
"1996an sortu zenetik, EHZren helburuetako bat izan da bere ber baloreak dituzten elkarte eta mugimendu sozialak sostengatzea, hainbat modutan: Euskal Herriko borrokak ezagutaraziz, berdintasunean, euskal kulturan, ekologian, klase sozial prekarizatuen defentsan oinarritutako jendarte bat praktikan ezarriz, edota elkarteak zuzenean ekonomikoki lagunduz, EHZk biharko Euskal Herriaren eraikuntzan parte hartu nahi du, bere heinean.
Festibalaren oinarria auzolana da. Usu erraten dugun bezala, laguntzailerik gabe, ez litzateke EHZrik. Aurten ere, zuen gain kontatu ahal izan dugu eta festibalariak ere, kopuru handian hurbildu dira. Festibalaren etekinen parte bat Lurzaindiari ematea erabaki dugu, hainbat arrazoinengatik. Arbonako Berroetako okupazioa, Kanboko Marieniako lurrak laborantzarako izaten segi dezaten eginiko borroka eta egunero-egunero, hainbat laborarik eta militantek egiten duten itzalpeko lana... Euskal Herriko aktualitatean, eragile garrantzitsua da Lurzaindia. Sortu zenetik, egitura honek ahalbidetu du hainbat laborantza lur espekulaziotik babestea, laborariei birbanatuz. Elkartearen xedea, hazten gaituen lurra defendatzea da eta horretarako, laborantzako aktibitate iraunkorra eta kalitatezkoa garatzen duten proiektuak sustengatzen ditu, lurraren eskuragarritasuna hobetuz. Eta Lurzaindiaren ekintzetatik haratago, defendatzen duten balore bat azpimarratu nahi dugu, lurra denena dela ulertzearena. Egun, Euskal Herrian eta kanpoan ere, laborantza lurra merkatu logika kapitalista batean saltzen da eta gutxiengo batek – horretarako baliabideak dituztenek – “inbertsio finantzario” gisa ikusten dute, trukerako balio gisa, etorkizuneko etekinak segurtatzeko. Aldiz, Lurzaindiaren lanak aurkako logika segitzen du, laborantza lurrak eskaintza eta eskaeraren logiketatik atera, eta manera kolektiboan kudeatu, hazten gaituen lurrak bere funtzioa gal ez dezan, interes orokorrak interes pribatuen gainetik jarriz. Aukera honetaz baliatu nahi genuke, oroitarazteko edozeinek lagun dezakeela Lurzaindia emaitza bat eginez edo bere mobilizazioetan parte hartuz." EHZ |