ELBk eta Lurzaindiak Ostiako lau militanteen atxiloketak salatzen dituzte. Atxilotuak askatu dituzte baina Martxoaren 12an auzipetuak izanen dira taldean andeatzeak egiteagatik.  

ERREPRESIOARI EZ, LABORANTXA LURRA ZAIN DEZAGUN!

Goiz huntan lau militante atxilotu dituzte eta haien etxeak miatu, Ostia sareak etxebizitza eskubidea eta laborantxako lurren defenditzeko burutu zuen ekintza bati lotuta.
Gure bi egiturek lurren espekulazioaren kontra eraman zuten Arbonako okupazioaren biharamunean sortu zen Ostia sarea. Geroztik, kolektibo hau erregularki gurekin mobilizatzen da espekulazioa eta laborantxa lurren artifizializazioa salatzeko baita etxebizitza eskubideen defenditzeko ere. Ostia sarearen militanteak baitezpadako sustenguak dira laborantxa borrokentzat, Euskal Herrian baldintza duinetan bizi eta lan egitearen defendatzeko.
Gogorki salatzen dugu gure sareko militanteak beldurrarazi eta erreprimitzeko helburua duten polizia interbentzio horien bortitzkeria. Enpresa pribatu haundi baten « maketa » bat defenditzeko Frantses autoritateek plantan ezarritako errepresio medioen disproporzioa deitoratzen dugu, jakinez Estadoak begiak hetsi dituela multinazional berak ilegalki lotizamenduak eraiki zituelarik laborantxa lurren gainean. Gobernuak bere baliabideak interes pribatuaren mesedetan ezartzeko hautua egin du ondare kolektiboek jasandako erasoen kontra jokatu ordez.
Lurra eta etxebizitza eskubideak aspaldian bultzatutako borrokak dira Euskal Herrian eta ez dira konponduko goizaldean militanteen etxeetan eginiko polizia interbentzioekin.

ELB eta Lurzaindiak lau atxilotuen berehalako askatasuna eta kargugabetzea galdegiten dute eta Marieniako lurren geroari buruzko solasaldien idekitzea eskatzen dute.


Bat egiten dugu gaur arratsaldeko 19: 00tan Kanboko Herriko Etxearen aitzinean antolatua den elkarretaratzearekin eta atxilotuen alde antolatzen ahal diren mobilizazio guziekin.

Tags:

Ohar bat egin